Familiei zuzendutako prebentzio mezuak

Urtero, San Marko egunaren aitzakiarekin eskola guztietan indartzen dugu ikasturte osoan zehar egin dugun prebentzio lana. Osasun Hezkuntzari jarraituz, drogen kontsumoarik buruzko saio bat egiten dugu DBHko gela guztietan.

Familiei horren berri ematen zaie gutun baten bitartez, eta era berean gurasoak diren aldetik, hainbat gogoeta luzatzen zaie  etxean gaia  lan dezaten.

 

 

 

 

Familia agurgarriak:

Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak osasun hezkuntza programak garatzen ditu, urte osoan zehar, zuen seme-alebekin ikastetxean, bizi modu osasuntsuak sustatzeko asmoarekin. Honetarako, beti ere, gazteen garapen osoari heltzen diogu eta gaiak lantzen dira momentua eta adinaren arabera. Drogen gaiarekin gauza bera egiten da.  Apirilean ordu beteko saioa egiten dugu DBHko gela guztietan arrisku murrizketa estrategiak erabiliz urtean egindako lana indartzeko.

Saioaren protagonista alkohola bada ere tabakoaren kontsumoaren arriskuak aztertzen ditugu gero eta lehenago.  Eta adinean gora egin ahala, kannabisari heltzen diogu. Hiru sustantzia hauek dira gehien arduratzen gaituztenak gazteei dagokienez, alde batetik gehien erabiltzen direnak direlako eta bestetik gazte askok eta zenbait helduek ere gehiegi normalizatzen dituztelako kontsumo hauek. Ez dugu ahaztu behar nerabeak garatzen ari diren bitartean hauen kontsumoen eraginak oraindik ere kaltegarriagoak  direla beraien osasunerako eta gainera alkoholaren eragipean sor daitezken jarrera arriskutsuak kudeatzeko askotan baliabide gutxi dutela oraindik. Horregatik, garrantzitsua da beraiekin hitz egitea bai eskolan baita etxean ere. Informazioa eman behar zaie baina batez ere gogoeta eta ardura sustatu behar da. Lagundu behar zaie helduak izaten, hau da, gauzak egin baino lehen baloratzen, ondorioak neurtzen eta arriskuak murrizten. Eta oso gaztetxoak direnean, mezua oso zuzena izan behar da, batez ere etxean: oraindik ez da garaia alkohola edateko. Gazteak izan arren ez baita gauza bera hamahiru edo hamasei urte izatea. Kontua ez da debekatzea, zaintzea eta babestea baizik. Helduok haur eta gazteen babesa eta  garapen osasungarria gure ardura dela ez dugu ahaztu behar.

Gazteak modu osasuntsuan haztea, ikastea, gozatzea haien inguruan gabiltzan heldu guztion ardura da. Horregatik, ekintza hauen berri eman nahi dizuegu eta bide batez partaide egin.

Bukatzeko, Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuan topatuko gaituzue gai honen inguruan edozein informazio edota aholku behar izanez gero. Sare sozialetan ere topatuko gaituzue.

Agur bero bat

Facebook: PREBENTZIO KOMUNITARIOA. HONDARRIBIKO UDALA

Twitter:  @HONDOPASABEP

Instagram: @hondarribiaprebentzio

Web:  www.prebentzio.com

 

Leave Comment